XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ixildu zan une berean, nonbaitetik etorritako txoritxo biak etxe aurreko harian jarri ziran eta, apur baterako baino ez ba zan be, txakurraren barrua bakez bete bete egin eben.

Iluntzean, solotik etorritako norbaitek txakurra bere loturatik askatu eban eta bere askatzailearen inguruan pozez saltoka ibili ondoren, makur makur eginda etxosteruntz abiatu zan.

Han, horma ondotik joan etorritxo bat egin orduko bere etsaiaren lorratza aurkitu eban; eta musturra lurretik jaso barik, ixilean erpeekin lurra ikutzeko baino bildurrago, pozez dardar, hasi zan lurrean usain eginaz, laster bere hatzaparretan jauziko zan arerioaren bila.

Han egoan katu zoroa, sagastian, haizeak ikara eragiten eutsan edozeri begira, saguaren gainera jausteko prest ba lego lez makur makur eginda.

Oraintxe ikusiko dok esanaz aurrean hartu eban, sagarrondo baten gora igonaz ihes egin eutsan arte.

Orduan, beste askotan lez, katua zugatz gainean eta txakurra azpian zain, geldi geratu ziran, alkar amorruz jan beharrean, gaba egin eta baten batek txakurrari etxetik txistuka dei egin eutsan arte.

Txakurraren alde beharra, katuaren poz eta nasaitasuna!